Topaketan, sei laguneko mahai ezberdinak osatuko dira, eta sei pertsona horietatik bat moderatzailea izango da. Gainontzeko bostek bere buruaren aurkezpen txiki bat egiteaz gain, Alardearekiko beraien ikuspuntua era orokor batean emateko aukera izango dute.
Ondoren, gehienez ordu eta erdi iraungo duen elkarrizketarako tartea emango da. Elkarrizketan zehar, edozein iritzi, errespetu osoz entzungo da eta moderatzaileak ezingo du bere iritzia eman.
Bukatzeko, ordu erdiko tartea emango da bakoitzaren hausnarketak post-it batean biltzeko eta arbel batean jartzeko, ideiak gainontzeko mahaiekin elkarbanatzeko asmoz.
Saioan gertatu eta esaten den guztia isilpekoa izango da.
ZERGATIK: Hausnarketa sakon bat egin eta gero, ohartu gara, Alardearen gatazkaren korapiloak askatzeko, lehen pausoa, iritzi ezberdinak ditugun hondarribiarron arteko elkarrizketa beharrezkoa dela.
ZERTARAKO: Bakoitza bere posizioetan gotortu beharrean, alboan duguna entzuteko unea iritsi dela uste dugu. Horrela, elkarren arteko errespetua eta goxotasuna bermatuz, elkarri entzuteak, elkar ulertzeko bidea irekiko digula pentsatzen dugu.
*Topaketan parte hartzeko, aurretik izena ematea beharrezkoa izango da: